2016(e)ko apirilaren 21(a), osteguna

AMA LURRAREN EGUNA

Kaixo guztioi:

Egun berezia dugu gaur, izaki bizidun guztion amaren eguna da, Ama Lurraren eguna hain zuzen.

ZORIONAK AMA LURRA!!

Lurraren Eguna apirilaren 22an ospatzen da mundu osoan Lurraren natura-ingurunearen aldeko kontzientzia sustatzeko. Proposatzailea Estatu Batuetako Gaylord Nelson senataria izan zen, egun hori proposatu baitzuen superpopulazioaren, kutsaduraren, biodibertsitatearen eta Lurra babesteko beste ingurumen-kezka batzuei buruzko kontzientzia piztearren.

Lehen agerraldia 1970eko apirilaren 22an egin zen, Estatu Batuetako Gaylord Nelson ingurumenaren aktibista eta senatariak sustatua, ingurumen-agentzia bat sortzea eskatzeko. Gizarte-presioaren ondorioz, Estatu Batuetako gobernuak Environmental Protection Agency (EPA) agentzia sortu zuen, eta ingurumena babesteko lege batzuk eman zituen.

Nazio Batuek ere Lurraren Eguna ospatzen dute martxoko ekinokzioan (martxoaren 21aren inguruan). Ekimen hori John McConnellpazifismoaren ekintzaileak proposatu zion UNESCOri 1969an, «Lurraren bandera» diseinatu zen urte berean. Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak oniritzia eman zion egun hori ospatzeari, eta 1971n ospatu zen lehen aldiz.

Hemen jartzen dizuegu Macaco abeslariaren bideo bat. Orain dela 10 urte idatzi zuen baina agerian dago gauza asko ez direla aldatu...




Gauza handirik ezin dugu egin baina gure esku dagoen guztia egin dezagun ama lurra zaindu eta babesteko!!

Animatu zaitezte eta utzi iruzkinetan Ama Lurra zaintzeko bururatzen zaizkizuen ideiak!!




ENERGIA

ALDAKETAK MATERIAN

SUBSTANTZIAK

2016(e)ko apirilaren 6(a), asteazkena

KOTXE ELEKTRIKOA

Kaixo 6. mailako ikasleei eta jarraitzaile guztiei!

Energiaz ari garenez Naturako gaian, horrekin lotura handia daukan albistea ekartzen dizuegu.

Tesla, luxuzko automobil elektrikoen ekoizten dituen enpresak, Model 3 izenarekin bataiatu duten ibilgailu berria aurkeztu du. Enpresaren xedea da ibilgailu hori munduan gehien salduko den auto elektrikoa izatea.

Elon Musk Teslako kontseilari delegatuak jakinarazi duenez, Model 3 autoaren oinarrizko bertsioak 35.000 dolarreko (30.704,24 euro) salneurria izango du AEBn; Musken esanetan, prezio horrekin merkatuan erosi ahalko den “ibilgailurik onena” izango da.

Muskek dio Teslak dagoeneko 115.000 eskari jaso dituela auto berria erosteko; dena dela, ez dira 2017ra arte ekoizten hasiko (2018an iritsiko da Europara).

Tesla sortu zuen aberats hegoafrikarrak azaldu duenaren arabera, auto berria "sei segundo baino arinago" pasatu ahalko da 0tik 100 kilometro ordura; gainera, bateria sendoagoak izango dituzten modeloaren beste bertsio batzuek abiadura hori gaindituko dute.

Irismenari dagokionez, Model 3k 400 kilometro egiteko gaitasuna izango du bateria guztiz kargatuta izanik; alabaina, Muskek azpimarratu nahi izan du kopuru guztiak "minimoak" direla, eta horiek "gainditzeko asmoak" dituztela.

Horrez gain, autoa automatikoki gidatzeko ekipamenduarekin etorriko da fabrikatik. Ezaugarri hori 76.000 dolarreko gutxieneko prezioa duen Model S ibilgailuko bertsio "jantzienetan" zeukan aurretik jarrita Teslak.

Aipatutakoez gain, ibilgailuak beste bi ezaugarri aipagarri izango ditu: bata, bateriak azkar batean kargatu ahal izateko supercharging teknologia; bestea, bi maletategi izatea, aurreko partean konbustioko motorrik ez egoteak hori horrela izan dadila ahalbidetzen baitu.

"Harrituko zaituzten produktu sinesgaitza da", nabarmendu du Muskek.


Ekoizpenaren hazkuntza

Aitzitik, Model 3 autoa benetan "masa" produktua izan dadin, Teslak ez du soilik "prezio eskuragarrian" saldu behar, baizik eta kopuru handitan ekoizteko ahalmena izan behar du.

Muskek aurreikuspenen arabera, urtero 500.000 unitate egingo dituzte, eta hori posible egingo duena da Nevada basamortuan eraiki duten bateria-fabrika erraldoia. Gigafactory deritzon lantegia estalita dagoen munduko industria-azalera handiena da, Boeing hegazkin-enpresak Washingtonen duenarenaren atzetik. Guztiz martxan dagoenean, gainerako herrialde guztiek baino litio-ioneko bateria gehiago sortuko dira bertan.

Azkenik, salmentaguneak ere areagotuko dituzte: une honetan 215 saltoki dituzte munduan zehar, eta 441 izatera pasatzeko asmoa daukate.