2016(e)ko apirilaren 6(a), asteazkena

KOTXE ELEKTRIKOA

Kaixo 6. mailako ikasleei eta jarraitzaile guztiei!

Energiaz ari garenez Naturako gaian, horrekin lotura handia daukan albistea ekartzen dizuegu.

Tesla, luxuzko automobil elektrikoen ekoizten dituen enpresak, Model 3 izenarekin bataiatu duten ibilgailu berria aurkeztu du. Enpresaren xedea da ibilgailu hori munduan gehien salduko den auto elektrikoa izatea.

Elon Musk Teslako kontseilari delegatuak jakinarazi duenez, Model 3 autoaren oinarrizko bertsioak 35.000 dolarreko (30.704,24 euro) salneurria izango du AEBn; Musken esanetan, prezio horrekin merkatuan erosi ahalko den “ibilgailurik onena” izango da.

Muskek dio Teslak dagoeneko 115.000 eskari jaso dituela auto berria erosteko; dena dela, ez dira 2017ra arte ekoizten hasiko (2018an iritsiko da Europara).

Tesla sortu zuen aberats hegoafrikarrak azaldu duenaren arabera, auto berria "sei segundo baino arinago" pasatu ahalko da 0tik 100 kilometro ordura; gainera, bateria sendoagoak izango dituzten modeloaren beste bertsio batzuek abiadura hori gaindituko dute.

Irismenari dagokionez, Model 3k 400 kilometro egiteko gaitasuna izango du bateria guztiz kargatuta izanik; alabaina, Muskek azpimarratu nahi izan du kopuru guztiak "minimoak" direla, eta horiek "gainditzeko asmoak" dituztela.

Horrez gain, autoa automatikoki gidatzeko ekipamenduarekin etorriko da fabrikatik. Ezaugarri hori 76.000 dolarreko gutxieneko prezioa duen Model S ibilgailuko bertsio "jantzienetan" zeukan aurretik jarrita Teslak.

Aipatutakoez gain, ibilgailuak beste bi ezaugarri aipagarri izango ditu: bata, bateriak azkar batean kargatu ahal izateko supercharging teknologia; bestea, bi maletategi izatea, aurreko partean konbustioko motorrik ez egoteak hori horrela izan dadila ahalbidetzen baitu.

"Harrituko zaituzten produktu sinesgaitza da", nabarmendu du Muskek.


Ekoizpenaren hazkuntza

Aitzitik, Model 3 autoa benetan "masa" produktua izan dadin, Teslak ez du soilik "prezio eskuragarrian" saldu behar, baizik eta kopuru handitan ekoizteko ahalmena izan behar du.

Muskek aurreikuspenen arabera, urtero 500.000 unitate egingo dituzte, eta hori posible egingo duena da Nevada basamortuan eraiki duten bateria-fabrika erraldoia. Gigafactory deritzon lantegia estalita dagoen munduko industria-azalera handiena da, Boeing hegazkin-enpresak Washingtonen duenarenaren atzetik. Guztiz martxan dagoenean, gainerako herrialde guztiek baino litio-ioneko bateria gehiago sortuko dira bertan.

Azkenik, salmentaguneak ere areagotuko dituzte: une honetan 215 saltoki dituzte munduan zehar, eta 441 izatera pasatzeko asmoa daukate.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina